MAK-elkarrizketa 08-01-21
SARRERA
MAK taldea aitzindari izan zen Selektah kolektiboarekin batera euskaraz egindako rap musikan. Iparraldeko xarma guztiarekin batera indartsu sartu ziren euskal kultura eraldatzeko erronkan. Bide luzea egin zuen egitasmoak eta bertan, hasieratik tiraka Jon Eiherabide eta Didier Dj Alf egon ziren. Gure miresmen eta errespeto osoa adierazi nahi diegu, eta gure doluminak erakutsi Didier-en heriotza dela eta. Jon Mak bere aldetik, aktibo jarraitzen du euskal kultura dardarka jartzeko asmoarekin. Besarkada haundia guztiontzat.

MAK “SUAREN GARAI ERRAUTS ERREKAI”
SARRERA
1998. urtean Selektah Kolektiboak euskaraz egindako rap musikari ateak zabaldu zizkion eta hamar urte igaro eta gero, euskaraz egindako rap musikak bide luzea du oraindik egiteko. Bide horretan, pauso berria da MAK taldeak kaleratu duen bigarren diskoa. Metak zigiluarekin kaleratu zuten lehena eta oraingoa, musika munduak ezagutu dituen aldaketen ondorioz, autoekoizpena da. Pozik daude taldekideak egindako lanarekin eta askatasun osoz ari dira lanean. Diskoa zuzenean aurkezteko gogoz dabiltza eta zuzenekoetarako musikariz osatutako taldetxoa prestatu dute. Jon abeslariarekin Hernaniko Molotoff irratian aritu gara.
Aritz : MAK taldea 2003. urtean Ziburun sortu zenuten eta orain bigarren diskoa aurkezten duzue. Bost urte hauetan aldaketak eman dira taldean. Nolakoa izan da taldearen garapena?.
Jon : MAK taldea 2002 eta 2003. urte artean sortu genuen Dj Alf eta biok. Gurekin batera Claire, Txaputx eta Lagogn elkartu ziren eta 2005. urtean kaleratu genuen lehen diskoa (Suari darion kea, Metak). Kontzertuak eman genituen, ezker eskuin ibili ginen eta bertan behera utzi genuen egitasmoa. Ondoren, Dj Alfekin batera kantuak egiten, idazten eta gauzak sanpleatzen jarraitu nuen. MAK egitasmoa ez zela amaierara iritsi irudi genuen eta jarraipena ematea erabaki genuen. Abesti berriak osatu genituen eta disko berria grabatzea erabaki genuen. MAK izena mantendu dugu proiektu berdina zelako, herensugearen mitologia eta sua ardatz eta Mikrofone Addict Klan izatetik Musika Komandu Armatu izatera pasa gara. Gure egitasmoaren bigarren fasean gaude, lehenengoan sua urrutitik ikusten genuen, oraingoan errautsa da errekai eta hirugarrena prestatzen ari gara non errautsa izango den protagonista. Mikel Laboak abesten zuen errautsa bilakatu zela bizigai eta horrela borobilduko dugu egitasmoa.
A: MAKen inguruan osatu duzuen irudi eta estetika hori diskoarekin batera doan bideoklipean ikusi daiteke, ezta?
J: Bideoan “Denok ala inor ez” kantua erabili dugu. Aire Ahizpekin grabatu dugu eta koplak Xenpelar bertsolariarenak dira. Lehengo eta gaurko Euskal Herriaren ikusmoldeak sartu nahi genituen, arbasoek utzi diguten aberastasuna eta gaur egun nola raparen bidez adierazten dugun. Suaren irudiarekin kontzientziak esnatu nahi izan ditugu; euskaldunak gara, ondo dakigu nondik gatozen eta gaur egun, ditugun tresnak erabiltzen ditugu.

A: Aire Ahizpak aipatu dituzu baina diskoan kolaboratzaile gehiago ere badira. Euskal Herrian oso zabaldua ez badago ere (azken urtetan gehiago agian) rap musikan oso ohikoa da kolaboratzaile andana edukitzea, ezta?
J: Bai, diskoan lagun asko gerturatu zaizkigu; Odei eta Jon Maia bertsolariak, Txomin HumanBeat Box, Baionatik herriko auzoetatik etorritako Q N B eta Staff Argeliako etorkinen semeak dira eta euren ikuspegia oso interesgarria iruditu zaigu, Moro Bad Sound System eta beste hainbat. Teknika mailan Iñakiren laguntza ezinbestekoa izan zaigu berak egin dizkigu grabaketa guztiak eta irudian Les Artsbaleteseko laguntza izugarria izan da.
A: Musikari dagokionez MAK taldearen oinarria rap musika da baina beste musika estiloen eragina ere nabarmena da. Zeintzuk dira zuen musikan eragina duten estiloak?
J: Rap musika da oinarria baina beste musika asko entzuten ditugu. Hasieran punk, eta hardcore asko entzuten genuen eta azken aldian, funk, jazz, musika klasikoa, euskal musika tradizionala, kantautoreak… denetatik entzuten dugu.
A: Kolaboratzaile andana eta sanpler ugari. Horietan ezagunenetakoa KRS-One abeslariaren “Sound Of Da Police” abestia Zigor DZ-ak ere asko erabiltzen duena.
J: Munduko rap talde gehienak erabiltzen dutela uste dut. KRS-One erreferentea da, gaur egun oraindik jarraitzen du letretan mezu kontzientea zabaltzen eta komertzializaziotik urrun.
A: Gazte askok uste dute rap musika soilik ingelesez, erdaraz edo frantsesez egin daitekeela. Zer esango zenioke gazte hauei?
J: Entzutea besterik ez dutela. Belarriak zabaldu dezatela. Oso rap ona egiten da mundu osoan, Galizian galizieraz, Katalunian katalanez, Senegalen wolof hizkuntzan, etab. Edozein hizkuntzatan kantua landua bada eta arimarekin egiten bada gauza onak egin daitezke
ARITZ SOUND SYSTEM


